Gaizkilearen zaldia

14,00 €

GONZALEZ, ISABEL / EFEALCUADRADO (IL.)

978-84-15756-87-3

Gaztelaniaz erruz erabiltzen da esaera hori, norbait edo zerbait geldoa dela adierazteko: «gaizkilearen zaldia baino motelagoa zara». Esamolde hori aintzat hartuta, Isabel Gonzálezek (idazlea) eta Efelacuadradok (Raquel Fernández ilustratzailea, ezizenez) 2015ean haur literaturaren esparruan argitaratu diren liburu berezienetako bat idatzi dute. Proposamena ausarta da, zoragarria, estetika apurtzailea duten horietakoa, eta bestelako irakurketa bat egiteko aukera ematen duena.

Gauza asko azpimarra daitezke liburu honetan, baina, lehenik eta behin, goraipatzekoa da, liburugintza nolako krisia pairatzen ari den kontuan izanik, argitaletxeak egin duen apustua. Badakigu liburu honek ez duela izango sekulako arrakastarik, zaila eta berezia baita, baina, hala ere, behar-beharrezkoa iruditzen zaizkigu halako proposamenak gure euskal liburutegi kolektiboan. Liburu honen lehenengo aparteko balioa, beraz, kaleratu izana!

Izenburuan antzematen denez, protagonista gaizkilearen zaldia da. Batzuetan, zaldiak eta zaldizkoak lapurretan egiten dute diruz jositako trenetan edo banketxeetan. Beste batzuetan, ordea, neskato bat salbatzen dute sute handi batetik, edo maiteminduek elkarri idatziriko amodiozko gutunak banatzen. Liburua irakurri ahala, konturatzen gara gaizkilearen zaldia eta zaldizkoa ez direla hain gaiztoak. Gizartean egokitu zaien eginkizuna betetzen dute, besterik ez. Horretan datza istorio honen bigarren balio aipagarria: hainbat irakurketa maila ditu. Nola dakigu zein den ona eta zein gaiztoa? Ez al dugu denok bietatik pixka bat? Gaizkile guztiak al dira gaiztoak? Idazleak gaiztotasunaz eta onberatasunaz hausnartzeko parada ematen digu, estereotipoez, aurreiritziez.

Formari dagokionez, testua eta irudia collage baten antzera daude antolatuta. Zuria eta beltza dira nagusi. Trazu abstraktuak, ezohikoak, Disneyren estetikatik urrun baina umeen zirriborroetatik gertu. Liburu honen hirugarren balioa aipagarria, hain zuen ere, horixe da: ohiko printzesen eta heroien literaturatik haratago eramaten ditu irakurle gazteak; apurtu egiten ditu tradizioz haur literaturan espero ditugun lerro eta marra zuzenak.

Aniztasuna nagusi den mundu honetan, beharrezkoa da ausart izatea, eta aukera ematea bestelako ikuspegi edo estetikei. Nolanahi ere, gauza jakina da ez dela erraza jendearen ohituretan eragitea. Liburu hau ez da erraza. Baina badakigu zein arlotan dihardugun, literaturan —haur literaturan, hain zuzen—; eta arlo horretan egiten den guztia, nolabait esatearren, ezin da izan «uzta batzea», lurra goldatu eta hazia erein ere egin behar dira.

Cantidad:
Añadir al carrito